Urtebete da BATZEN Gazteak Enpleguratzeko Harrera Sistema martxan dela, eta, nola ez, ospatu egin nahi dugu! Behin nola ospatu aukeratzen jarrita, begirada zenbakietan eta lortutako adierazleetan jarri beharrean, sortzen ari den sarean jarri nahi dugu, BATZEN-en inguruan sortzen ari den mugimendu osoan.
Urtebete honetan sortu dira zubiak eta bideak, gazteen eta Harrera Enpresen artean.
Ospatu nahi dugu badagoela lurraldean inklusioa bidirekzionalki ulertzen duen enpresa multzo bat, erronka honi aurre egiteko gogoz dagoena. Badago Gipuzkoako Babes eta Inklusio sareko gazteei, gainerakoei bezalaxe, ateak ireki dizkien enpresa sare bat. Ospa dezagun hau!
Urtebete honetan antolatu dira dinamikak, interakzio momentuak, gazteak eta profesionalak elkartu diren momentuak. Enpresetara bisitak, elkarrizketa simulakroak, edo denok maila berean kokatu gaituzten hizketaldiak. Ospatu nahi dugu gazteentzat bideratutako ekimen bakoitzean izan dela Harrera Enpresa bat, bertan parte hartzeko gogoz, ilusioz eta konpromisoz.
Eman dira enpresan praktikaldiak bilatzeko pausuak, eta Harrera Enpresa eta Heziketa zentro batzuk lehen aldiz elkartu dira, gazte konkretu bati lan aukerak zabaltzeko. Gazteen inklusio soziolaborala eman dadin, horren bueltan lan egiten dugun agente desberdinak eskutik joan gara modu koordinatuan.
Sortu dira enpresa edota elkarte barnean sentsibilizazio saioak; ospa dezagun langileen parte hartzea, eta ospa dezagun inklusioaren biderantz barne lanketa prozesuak martxan jarri direla.
Landu dira baita lan kontratazioak ere, egoera eroso eta ez erosoetan; egoera administratibo irregularrean dauden gazteen erregularizazio prozesuak martxan jartzeak dakarren guztiarekin. Ausardia eta pazientzia; aurre kontratu ereduak, kontsulta juridikoak, dokumentazioa…inguruan izan ditugu. Ospa dezagun lorpen bakoitza, prozesu arrakastatsuak baitira gizarteratze eta laneratze ikuspegitik.
Egon gara lan-eskaintza azokatan, bizi ditugu azoka hauetara joan aurretiko prestaketak, urduritasunak eta formakuntzak; ibili gara udarako lan bilaketan murgilduta, baita epe ertain zein luzerako ibilbide soziolaboralak diseinatzeko prozesuetan barneratuta; eman dira elkar ez ulertzeak, eta hurrengoan hobe ulertzeko ideiak; ospa ditzagun, txikiak izanik ere, balio handia duten ekintza hauek.
Sortu dira, urtebetean, hainbat eta hainbat ekimen eta bide berri. Eta eraikitzen jarraitu daitekeen hori hain da handia, urtebeteko ibilbide honen ostean gehiagora iritsi nahi dugula ospatzen dugula.
Guzti hau Harrera Enpresei esker da, zuetariko bakoitzari esker. Mila esker beraz. Gehiagora iritsi nahi dugu, zuekin!