Joan den ostiralean, ekainaren 6an, Hernaniko Orona Ideoko auditorioan ospatutako ElkarEKIN Lanean Jardunaldian, BATZEN proiektua aurkeztu genuen. ElkarEKIN Lanean estrategiaren baitan kokatzen den ekimen honek gazteen laneratzea eta gaitasun soziolaboralen garapena ditu ardatz, eta azken bi urteetan lortutako emaitzak partekatzeko aukera izan genuen.
2022 eta 2024 artean, guztira 132 gazte artatu ditugu, horietatik 101 gizonezko eta 31 emakumezko. Adinari dagokionez, 46 adin nagusiko eta 86 adin txikiko izan dira. Laguntza modalitatearen arabera, 96 gaztek oinarrizko laguntza soziolaborala jaso dute (A modalitatea), eta 36k laguntza intentsiboa (B modalitatea).
Emaitza nagusien artean, 58 gaztek lan-kontratua lortu dute, eta horrek %44ko laneratze-tasa suposatzen du. Gainera, antolatutako ekimenetan 370 gaztek parte hartu dute.
BATZEN proiektuaren baitan, hainbat lan-lerro garatu ditugu:
- Gizarte Zerbitzuetako sareekin eta egoitza-harrerako baliabideekin lankidetza estua.
- Hezitzaile profesionalentzako formakuntza espezifikoak eta tresnak.
- BATZEN plataformaren digitalizazioa, esku-hartze soziolaboralerako tresna gisa.
- 103 harrera enpresako sarea aktibatzea eta sendotzea -gogoratu 2022-2024eko emaitzak direla, gaur egun 143 enpresa gara sarean!
- Aholkularitza juridiko eta teknikoa eskaintzea Harrera Enpresei, baita 35.800 euroko dirulaguntza propioak kudeatzea ere.
- Atzerritartasun legearen inguruko formakuntzak eskaintzea eta 105 kontsulta pertsonalizatu bideratzea.
Etorkizunera begira, gure erronka nagusiak dira:
- Gazteen adin-tartea zabaltzea (16–25 urte).
- Eskuhartze familiarrean dauden nerabeei laguntza espezializatua eskaintzea.
- BATZEN plataformaren hobekuntza teknikoak garatzea.
- Euskal Enplegu Sistema Publikoarekin lankidetza indartzea.
BATZEN ez da soilik proiektu bat; aukera bat da, gazte askorentzat lehen aldiz entzunak izateko, lagunduak izateko eta euren bidea eraikitzeko. Eta hori guztia, sarean eta elkarlanean.