Urteak utzitakoak eta datorren urtean lortu nahi ditugunak marrazteko momentua iritsi zaigu guri ere.
BATZEN-en 2021ak hilabete batzuk besterik ez ditu izan, baina bizitakoak beste urte oso batez indartsu egoteko haina eman digu; Harrera Enpresen sarea eraiki dugu eta sendotzen joan gara – dagoeneko 25etik gora zarete ekarpena egiten ari zareten Harrera Enpresak-, eta 3 gazteren laneratze prozesu martxan jarri ditugu. Azaroan egindako enpresetara bisitez gain, urtea amaitzeko Segurako Udalarekin elkarlanean 25 bat gazterentzat hitzaldi bat ere antolatu dugu, gazteek sektore ezberdinetako enpresek nola funtzionatzen duten ezagutzeko helburuarekin.
Guzti hau gutxi balitz, laneratze enpresa baten sorrerarako hazia ere jarri dugu.
Ekintza bakoitza erronka bat.
2022a ordea 12 hilabetez beterikoa datorkigu eta urte osoa aurretik izateak amestera animatzen gaitu; hitzaldiak eta enpresak ezagutzeko ekintza gehiago antolatzeaz gain, gazteentzat CV eta lan elkarrizketa simulakroen feria batekin amesten dugu, gazteak lanerako prestatzen jarrai dezaten. Enpresetan sentsibilizazio saioak eskainiko ditugu, beldur, estereotipo eta aurreiritziak apurtzen joateko. Elkarrekin ikasten jarraitu nahi dugu, gazteen eta enpresen beharretara moldatzeko, beti BATZENen misioa gidari izanik. Zergatik ez 2022an 22 gazteren laneratze prozesu aktibatzera iritsi? Asko izan daiteke, baina Gipuzkoako Babes eta Inklusio Sarean 500 gaztetik gora ditugula ikusita, lan asko dugu egiteko!
Datorrenak ekar dezala ekarri beharrekoa, eta bitartean BATZENek aurrera egingo du gazteen laneratze prozesuak sustatzen, Harrera Enpresekin, 3.sektoreko entitateekin eta ikasketa zentroekin elkarlanean. Bide berriak asmatzen, lantzen eta eraikitzen.
Hau hasi besterik ez da egin, 2022 zoriontsua opa dizuegu!